GOI institutuan, UPV/EHUrekin lankidetzan, euskaraz eta online eskaintzen dugu Irakasleen Prestakuntzarako Unibertsitate Masterra. DBHko, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta hizkuntzen irakaskuntzako profesionalak prestatzea dugu helburu, irakasle gisa beharko dituzten ezagutza eta konpetentzietan treba daitezen.
Hiru espezialitate eskaintzen ditugu: Giza eta Gizarte Zientziak, Hizkuntza eta Literatura, eta Natur Zientziak eta Matematika. Eta, horietako bakoitzean, bi ibilbide posible (biak 60 ECTSkoak):
Ohiko ibilbidea, hamalau ikasgaiz, sei aste eta erdiko praktikaldi batez eta Master Amaierako Lan batez osatua.
Berrikuntza Ikasgelan ibilbidea, hamabi ikasgai egin ondoren alderdi praktikoan gehiago sakontzeko aukera ematen duena: sei aste eta erdiko praktikaldiaz gain, beste bi astez ikastetxe bateko berrikuntza-proiektu erreal batean parte hartzen da, eta proiektu horrekin lotuta egiten da Master Amaierako Lana ere.
Online modalitate honetan, eskolak Ikasgela Birtualaren bidez ematen ditugu, UEUren online irakaskuntzarako eredu pedagogikoa jarraituz. Horrez gain, ikasturtean zehar, aurrez aurreko lau saio eta beste sei saio birtual ere izaten ditugu.
Espezialitate bakoitzaren orrian dago informazio zehatzagoa: programa, izen-ematea, egutegia... Bestalde, maiz egindako galderen orri bat ere sortu dugu, ohiko zalantzak argitzeko; mesedez, gugana jo aurretik, begiratu ea behar dituzun argibideak han dauzkazun.
Atal honetan behin baino gehiagotan egin dituzuen galderak bildu ditugu. Mesedez, gugana zuzendu aurretik begiratu ea zuen zalantzak norbaitek aurretik planteatu dituen.
Eskainitako plazak | Modalitatea | Iraupena | Hizkuntzak |
---|---|---|---|
132 (44 espezialitate bakoitzean) | Erdi presentziala | 60 ECTS | Euskara, ingelesa |