Goi mailako Online Institutua (GOI) Udako Euskal Unibertsitatearen (UEUren) baitan antolatutako ikastegia da, euskarazko online unibertsitate-ikasketak eta ikerketa sustatzeko sortua. Helburu hori betetzeko, UEUk eta Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHUk) hitzarmena sinatu zuten, 2019an lehenik eta 2024an bigarrenez, GOI ikastegia UPV/EHUren ikastegi atxiki bihurtzeko eta arautzeko.
Honako hauek dira, gaur egun, gure lan-esparru nagusiak:
GOIk Irakasleen Prestakuntzarako Unibertsitate Masterraren lau edizio eskaini ditu gaur arte (2020-21 ikasturtetik hona), online modalitatean, UPV/EHUn presentzialki ematen den Masterraren osagarri gisa. Berezko tituluei dagokienez, berriz, Humanitate Digitalak: aukera berriak ikertzen aditu-tituluaren edizio bat eskaini genuen 2021-22 ikasturtean, eta, 2024-25 ikasturtetik aurrera, beste bi berezko titulu ere eskainiko ditugu: Euskara eta Digitalitatea batetik, eta Hezkidetzatik pedagogia feministetara: euskal curriculuma iparrorratz bestetik.
Irakaskuntzarako ez ezik, ikerketarako ikastegia ere bada GOI; hala jasotzen du UPV/EHUrekiko hitzarmenak, eta Zientziako, Teknologiako eta Berrikuntzako Euskal Sareko Agente gara (UEUren barruko atal gisa). Ikerketa egiteaz gain, estrategikotzat jotzen ditugun gaien inguruko ikerketa sustatzeko helburua ere badugu, bai eta gai estrategikoen inguruko dibulgazioa egitekoa ere. Erreferentziazko eragile izan nahi dugu bizitzen ari garen eraldaketa digitalean, eta hiru ikerlerro nagusi dauzkagu: teknologia digitalak, hezkuntza eta euskara. Lerro nagusi horiez gain, interes berezia dugu hezkidetzan eta genero-ikuspegian ere.
Graduondokoez gain, etengabeko prestakuntzako ikastaro eta jardunaldiak ere eskaintzen ditugu. Doktoregaientzako ikastaro laburrak dira gehienak, baina irakasle eta irakaslegaientzako zenbait ikastaro ere ematen ditugu ikasturtean zehar. Bestalde, 2023tik, hezkuntza-berrikuntzaren inguruko jardunaldi bat ere antolatzen dugu UEUren udako ikastaroen barruan.
UEUk ikas-irakaskuntzarako eredu pedagogiko propioa dugu, online modalitatera egokitua, eta hartan oinarritzen da GOIren eskaintza akademiko osoa. Ereduak lau printzipio nagusi hauek dauzka:
Diziplinarteko ikuspegia dugu, bai ikerketan eta bai gure eskaintza akademikoan ere. Horrek elkarlanean aritzea eskatzen digu ezinbestean, eta hainbat unibertsitate, ikastegi, ikerketa-zentro eta elkartetako aditu-talde zabalarekin batera egiten dugu lan.
GOI institutua UEUren parte denez, gure jarduna ere UEUren balioetan oinarritzen da. Besteak beste, honako balio hauek dauzkagu: euskararekiko konpromisoa, gizartearekiko erantzukizuna, kalitatea, berdinzaletasuna, izaera parte-hartzailea eta hurbiltasuna. Ikus gehiago UEUren webgunean.