GOIren ikergunea

GOI ikastegiaren helburuen artean, UEUren ikerketa finkatzeko prozesuan laguntzea dago, diziplinarteko ikerketa sustatzeko, modu lehiakorrean, herrigintzatik eta euskalgintzatik hurbil. Bide horretan, GOIk bere irakasle-ikertzaileak dituenez, ikerketa-talde propio gisa lan egiten du, eta, era berean, elkarlanerako azpiegitura bat ere eskaintzen du, ikergune gisa, GOIko lantaldearekin batera aritzen diren kolaboratzaileentzat.

 

Ikerlerroak

GOIren egiteko nagusia euskarazko online irakaskuntza eskaintzea denez, ikerketaren alorrera etorrita ere, eskaintza horrekin bat datozen hiru ardatzen bueltan aritzen da lantaldea: Hezkuntza, Teknologia Digitalak eta Euskara.

Hezkuntza

GOI ikastegiaren lerro estrategikoa da, bai online ikas-irakaskuntzari dagokionez eta baita hezkuntza-berrikuntzari dagokionez ere. Online irakasten duen ikastegia izanik, online ikas-irakaskuntzari buruzko ikerketa ere egiten du GOIk, eta online-testuinguruen eta teknologia digitalen erabilera didaktikoaren inguruko ikerketa sustatu nahi du, oro har. Horrez gain, hezkuntza-berrikuntzarekin loturiko beste hauek ere badaude GOIren ikerlerroen artean: teknopedagogia, STEAM konpetentzien garapena eta berrikuntza aplikatua.

Teknologia Digitalak

Aurreko puntuan esan bezala, online ikas-irakaskuntza ikerlerro estrategikoa da GOIrentzat, eta lerro hori, hezkuntzaren alorrean ez ezik, teknologia digitalenean ere sartzen da. Hala ere, hezkuntza-testuinguruez harago, beste ikuspuntu batzuetatik ere heldu nahi zaie teknologia digitalei; izan ere, GOIk erreferentziazko eragile izan nahi du bizi dugun eraldaketa digitalean. Hala, humanitate digitalak ere lantaldearen aztergai nagusietako bat izango dira, eta aztergai horri alorreko beste ikerlari eta eragile garrantzitsuekin elkarlanean heldu nahi zaio, besteak beste, CLARIAH-EUS sarearen bitartez.

Euskara

Euskara GOIren lan-hizkuntza izateaz gain, ikergaietako bat ere bada, hezkuntzarekin eta teknologia digitalekin batera. Hain zuzen ere, beste bi alor horiekiko loturan erreparatzen dio lantaldeak euskarari: batetik, Euskal Herriko hezkuntza-sisteman aritzen diren irakasleen (edo arituko diren irakaslegaien) hizkuntza-konpetentziak aztertu nahi ditu, irakasleen jardunak ikasleen (eta, hortaz, euskal hiztun gazteen) hizkuntza-konpetentziei zuzen-zuzenean eragiten diela kontuan hartuta; eta, bestetik, euskarak teknologia digitalen esparruan duen lekuaz ere hausnartu nahi du, gabeziak non dauzkagun identifikatzeko eta haietan eragiteko.

Dena dela, lantaldearen ardatz nagusiak hiru horiek izan arren, bada beste lerro bat hirurak zeharkatzen dituena: generoaren ikuspegia eta hezkidetza. Azken urteotan, mugimendu feministak jakintza-esparru guztietan izan du eragina, eta horrek ahalbidetzen du, hain zuzen, generoen arteko desberdinkeria gainditzeko bideak bilatzea eta haietan aurrera egitea. Abagune horretan, zeharlerroak bete-betean eragiten dio UEUren eta GOIren jardunari: batetik, graduondokoen baitan, lantaldea urratsak egiten ari delako bere jarduna hezkidetzaren eta pedagogia feministen begiradatik birpentsatzeko; eta, bestetik, UEUk berdintasun-plan bat jarri duelako abian, eta plan hori ere eragina izaten ari delako erakundearen hainbat lan-esparrutan. Hala, ikerketari dagokionez ere, GOI ikastegiak bere egiten du zeharlerroa, bai hezkuntzari eta bai ingurune digitaleko parte-hartzeari prozedura feministen ikuspegitik erreparatzeko.

 

Ikerketa-helburuak

Eskaintza akademikoarekin batera, ikerketa egiteaz gain, hura gizarteratzea ere sartzen da ikastegiaren iparrorratz diren helburuetan. Hortaz, GOIko ikertzaile-taldeak eta harekin lankidetzan arituko diren lankideek erdigunean jarriko dute, ikerketa bera ez ezik, eginikoaren dibulgazioa eta transferentzia ere.

Hala, une honetan martxan dugun ikerketa-planean, hiru helburu estrategiko hauek dauzkagu zehaztuta:

  1. Euskarazko eraldaketa digitalean erreferentziazko eragile izatea
  2. Ikerketa-talde gisa finkatzea eta ikerlerro propioetan aurrera egitea
  3. Euskarazko ikerketa, ezagutzaren transmisioa eta dibulgazioa sustatzea