Lantaldea

Ainhoa Latatu Nuñez
Ainhoa Latatu Nuñez

Biologoa eta mikrobiologian doktorea da ikasketaz. Bi hamarkada baino gehiago darama UEUn lanean: bere egiteko nagusia euskarazko graduondokoak sustatzea eta kudeatzea izan da 2002tik, eta, bide horretan, sustatzaile-lanak egin ditu 20 graduondokotan baino gehiagotan. Ikertzaile gazteentzako IkerGazte kongresua antolatzeaz ere bera arduratzen da 2015eko lehen ediziotik (bost edizio antolatu ditu ordutik hona). Gaur egun, GOIko lantaldean aritzen da nagusiki, eta ikastegiko zuzendaria da. Natur zientzien irakaskuntzaren inguruko ikasgaiak ematen ditu Irakaskuntza Masterrean, eta Giza eta Gizarte Zientzietako espezialitatea koordinatzen du. Horrez gain, Hezkidetzatik pedagogia feministetara: euskal curriculuma iparrorratz aditu-tituluko batzordekide ere bada.

Josu Lopez-Gazpio
Josu Lopez-Gazpio

Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia-dibulgatzailea da. Bigarren Hezkuntzan, Lanbide Heziketan eta Unibertsitatean aritu da irakasle, eta UEU-GOIn egiten du lan 2020tik, Irakaskuntza Masterrean. Ikastegiko idazkari akademikoa izateaz gain, bere ardura nagusien artean daude zientzien didaktikaren arloko hainbat irakasgai ematea, eta Natur Zientziak eta Matematika espezialitatea eta Masterreko hiru espezialitateetako Practicuma koordinatzea. Zentzia-dibulgatzaile gisa, Kimika orokorreko eskuliburua argitaratu zuen 2015ean, eta kolaboratzaile aritzen da, besteak beste, Tolosaldeko Atarian eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren Zientzia Kaiera blogean. UEUko Kimika sailburua da 2017tik, eta zientzia-dibulgazioarekin eta irakaskuntzarekin loturiko hainbat ikastaroren antolakuntza-lanetan parte hartu du.

Uxoa Iñurrieta Urmeneta
Uxoa Iñurrieta Urmeneta

Itzultzailea eta hizkuntzalari konputazionala da ikasketaz. UPV/EHUko HiTZ zentroan egin zuen doktoretza-tesia, Ixa ikerketa-taldean, eta hizkuntza-teknologiekin lotura duten hainbat ikerketa-proiektutan parte hartu du. Euskara teknikoko irakasle aritu zen zenbait urtez Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan, eta GOI institutuan egiten du lan 2020tik. Ikastegiko ikerketa-arduraduna da, eta hiru titulaziotan aritzen da gaur egun: Irakaskuntza Masterrean, Hizkuntza eta Literatura espezialitatea koordinatzeaz eta MALen kudeaketaz arduratzen da, eta hizkuntza-irakasleentzako hizkuntzalaritzarekin loturiko gaiak ematen ditu; Euskara eta Digitalitatea graduondokoan, zuzendari da, eta hizkuntza-baliabideen inguruko irakasgai bat ematen du; eta MUko HuHezi fakultatearen Euskal Kulturaren Eragiletza masterrean, berriz, irakasgai batean parte hartzen du lankide gisa. Akademia-mundutik kanpo, Haur eta Gazte Literatura euskaratzen du tarteka, eta EIZIE elkarteko kidea da. UEUko Hizkuntzalaritza sailburua ere bada 2020tik.

Eider Goiburu Moreno
Eider Goiburu Moreno

Psikologian lizentziatua eta pedagogian doktorea da, eta emakume eta gizonen arteko berdintasun-teknikaria. Sexu-hezkuntzaren eta hezkidetzaren gaineko esku-hartzeekin hasi zuen bere ibilbide profesionala, duela 20 urte, eta bide horrek pedagogia feministak lantzera eraman du. Sorreratik bertatik aritu da GOI institutuarekin lankidetzan, baina 2024an batu da lantalde propiora. Gaur egun, Irakaskuntza Masterreko modulu generikoan aritzen da batetik, irakasle eta moduluko koordinatzaile, eta Hezkidetzatik pedagogia feministetara: euskal curriculuma iparrorratz graduondokoan bestetik, irakasle eta zuzendari. Hortik kanpo, bestelako ikastaroak ere ematen ditu, bai UEUn eta bai bestela.