Euskara eta Digitalitatea
Teknologia digitalak gure gizarteko txoko guztietara iristen ari diren honetan, hizkuntzen bizitasuna neurtzeko eta hartan eragiteko, ezinbestekoa da erabilerari hainbat ikuspuntutatik erreparatzea, baita digitaletik ere. Beste hizkuntza gutxitu batzuekin alderatuta, euskararena ezohiko kasua da: tresna eta baliabide digital ugari dauzkagu, zenbat hiztun garen kontuan hartuta. Erabiltzaileen kontsumo-ohiturak aztertuz gero, ordea, aise ikusten da euskarazko eskaintzak hutsune nabarmenak dauzkala eta eskaintzen dena ere ez dela jendearengana nahi beste iristen. Zer egin, orduan?
Testuinguru digitalean (ere) euskara sustatuko duten aditu eta arituen beharra dugu askotariko alorretan, eta horretarako prestakuntza eskaini nahi du online graduondoko honek. Eskuragarri dauzkagun tresna eta baliabide digitalak ezagutarazteaz gain, gogoeta piztea eta euskararen zaintza eta sustapen teknologikorako estrategiak lantzea da helburua.
Graduondokoa UPV/EHUren berezko eskaintzaren parte da, eta UEUko GOI institutua arduratuko da prestakuntza eskaintzeaz, online ikas-irakaskuntzarako propio sortutako eredu pedagogiko bat oinarri hartuta. Gainera, lankidetzari garrantzi handia eman zaio graduondokoaren diseinutik bertatik, eta, horren erakusgarri, alorreko hainbat eragile garrantzitsuk parte hartuko dute; besteak beste, Elhuyarrek, Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak, Badalab hizkuntza-laborategiak eta UPV/EHUko HiTZ zentroak.
EZAUGARRI NAGUSIAK
- Hizkuntza: euskaraz
- Modalitatea: online, graduondoko-hasierako eta -amaierako ekitaldi presentzial banarekin
- Kredituak: 18 ECTS
- Egutegia: 7 hilabete, urritik apirilera
- Prezioa: 1080 € (ikus dirulaguntzen informazioa matrikulari buruzko atalean)
TITULU HAU AUKERATZEKO ARRAZOIAK
- Teknologia digitalen goraldiak euskarari nola eragiten dion ulertzeko gakoak eskaintzen dituelako.
- Tresna eta baliabide praktiko ugari aurkezteaz gain, euskararen sustapenean eragiteko estrategiak proposatzen dituelako.
- Alorreko aditu eta arituekin harremanetan jartzeko aukera ematen duelako.
- Ikasleak erdigunean jartzen dituen online eredu pedagogikoa duelako oinarrian, norberaren beharretara moldagarria baina kolaboratiboa.
NORI ZUZENDUA
Teknologia digitalek euskaran duten eraginaren inguruan interesa duen edonork parte har dezake graduondokoan, aurretik eginiko unibertsitate-ikasketak edozein direla ere. Profil batzuk aipatzearren:
- Euskaraz eta teknologia digitalez baliatuz irakasten duten irakasleak
- Lan-arloan euskara sustatzeko teknologia digitalez baliatu nahi duten profesionalak
- Hedabideetan edo bestelako komunikazio-zerbitzuetan euskaraz aritzen diren teknikariak eta kazetariak
- Teknologia digitalak erabiltzen dituzten aisialdiko eragileak
- Arlo digitalean euskaraz aritzen diren kultur sortzaileak
Ainhoa Latatu Nuñez
a.latatu@ueu.eus
943 82 14 26
m.gonzalez@ueu.eus
943821426
IZEN-EMATEA
Izen-ematea irailaren 25era arte egongo da zabalik, eta EHUren webgunetik egin behar da: hemendik.
Izen-emateen kopurua gehienez onartzen dena baino handiagoa balitz, honela ebatziko da nor onartuko den eta nor geldituko den itxaron-zerrendan: ikasle graduatu berrien kasuan, espedienteko batez besteko kalifikazioaren arabera, eta, profesionalen kasuan, CVaren arabera (gaiarekin loturiko esperientzia baloratuta, batez ere).
MATRIKULAZIOA
Behin izen-ematea onartu ondoren, matrikulazio-prozesua GOI institutuaren bitartez egingo da. Izen-ematea amaitutakoan emango da prozeduraren berri, e-postaz.
Ordainketaren inguruko oharrak:
- UEUk diru-poltsa bat jarriko du matrikula ordaintzeko laguntza behar duten ikasle guztien artean banatzeko.
- Gradua 2025ean edo 2026an amaitu baduzu, jarri gurekin harremanetan, graduatu berrientzat laguntza bereziak ditugu.
- Dena batera edo bi zatitan ordaintzeko aukera dago (urrian matrikularen % 60, eta urtarrilean, % 40).
- Ikasketak laneko prestakuntza gisa hartuz gero, FUNDAE programak aukera ematen du osorik finantzatzeko.
EUSKARA INGURUNE DIGITALEAN (3 ECTS)
- Euskara, digitalizazioa eta paradigma-aldaketak
- Euskarazko teknologien garapena
- Euskarazko eduki digitalak: eskaintza eta kontsumo-ohiturak
EUSKARAZKO HIZKUNTZA-TEKNOLOGIAK (5 ECTS)
- Hizkuntzaren kalitatea zaintzeko baliabide digitalak
- Hizkuntza-azterketetarako tresnak
- Sareko edukien azterketarako tresnak
- Adimen artifizialeko sistemak euskaraz: itzultzaile automatikoak, elkarrizketa-sistemak, hizketa-ezagutzaileak eta sintetizatzaileak
- Hizkuntza-teknologiak, azal eta mami
EUSKARAREN ZAINTZA ETA SUSTAPEN TEKNOLOGIKORAKO GAKOAK (5 ECTS)
- Hezkuntzaren ikuspegia
- Hedabideen ikuspegia
- Lan-harremanen ikuspegia
- Kultur sorkuntzaren ikuspegia
- Gazteen eta aisialdiaren ikuspegia
PROIEKTU PERTSONALA (5 ECTS)
Aditu-tituluari amaiera emateko, ikasle bakoitzak proiektu pertsonal bat garatuko du titulazioko irakasleetako baten gidaritzapean. Proiektua arloko eragileekin elkarlanean egiteko aukerak ere eskainiko dira.
EGUTEGIA
Graduondokoak zazpi hilabeteko iraupena izango du denera. Online eskainiko da, baina hasiera-ekitaldia eta amaiera-ekitaldia aurrez aurre egingo dira, UEUren Eibarko egoitzan, bi data hauetan:
- Hasiera-ekitaldia: 2026ko urriaren 16an
- Amaiera-ekitaldia: 2027ko apirilaren 17an
Moduluen hasiera- eta amaiera-datak, berriz, honako hauek izango dira:
- Lehen modulua: 2026ko urriaren 21tik azaroaren 10era
- Bigarren modulua: 2026ko azaroaren 18tik abenduaren 22ra
- Hirugarren modulua: 207ko urtarrilaren 13tik otsailaren 16ra
- Proiektua: 2027ko otsailaren 24tik apirilaren 9ra
Moduluen barruan, ikasgai bakoitzak astebeteko iraupena izango du, asteartearekin hasita eta hurrengo asteko astelehenarekin amaituta.