Ezagutu gure Online Eredu Pedagogikoa

UEUk ikas-irakaskuntzarako eredu pedagogiko propioa du, online modalitatera egokitua, eta hartan oinarritzen da GOIren eskaintza akademiko osoa. Ereduak lau printzipio nagusi hauek dauzka:

  • Pertsonengan zentratua da: ikaslea beti dago ikas-irakaskuntzako prozesuaren erdigunean, eta haren gaitasunetan jartzen dugu arreta.
  • Balioetan oinarritua da: teknologia ikaskuntza sozialaren zerbitzura jartzen dugu.
  • Ikaskuntza autonomo eta esanguratsua bultzatzen du, jarraipen pertsonalizatuaren eta ebaluazio hezitzailearen bidez.
  • Etengabe eguneratzen da, ikasle eta irakasle partaideen esperientzietatik eta emaitzetatik abiatuta.

Gure tituluetan darabilgun eredua, oro har, asinkronoa da: ez dago egun eta ordu jakinetan konektatu beharrik (nahiz eta, kasu gutxi batzuetan, posible den aurrez aurreko saioren bat egotea). Lanerako materiala astez aste jartzen dugu eskuragarri, eta parte-hartzaileek astebeteko epea izaten dute edukiak lantzeko eta jarduerak osatzeko. Hartara, nork bere ordutegira egokitu ditzake ikasketak, baina, aldi berean, astekako antolamenduak talde osoa gutxi gorabehera batera joatea sustatzen du.