Ezagutu gure Online Eredu Pedagogikoa

UEU eredua

UEUren online irakaskuntzaren ildoak bi helburu nagusi ditu: alde batetik, goi mailako etengabeko prestakuntzaren esparruan, formazioa behar duten profesional euskaldunen beharrak asetzea, eta, bestetik, «euskal unibertsitatearen hazia ereitea», eta hazi horrekin, euskarazko ikasketa unibertsitarioak egituratu eta ikasleria zein irakasleri euskalduna bildu eta saretzea.

UEUren helburu estrategikoa da Euskal Unibertsitatea euskalduna, nazionala eta herrikoia sortzea. Lan horretan bidelagun garrantzitsuak ditu UEUk, Euskal Unibertsitatearen elkartea, zeinetan gurekin batera Ikastolen Elkartea, EKT, AEK, Kontseilua, Ipar-Hegoa Fundazioa eta Elkar dauden. Europan, azken urteetan, unibertsitate berriak sortzen ari dira, horietatik asko online edo erdi-presentzialak. Bistakoa da arlo horretan hutsune handia dagoela Euskal Herrian. Gaur gaurkoz hemen ez da gradu titulurik eskaintzen euskaraz online. Behar hori erantzuna emateko proiektu bat lantzen ari da UEU, Euskal Unibertsitatea elkartearekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Proiektu honek, aurrera ateratzekotan, atxikimendu zabala beharko du jendartetik eta instituzioetatik.